2007-01-12

Hezkidetza, detaile sutilen indarra



Hezkidetza ez da puri-puriko gaia eskoletan, nahiz egunero senarrak akabatutako emakume bat agertu telebistan. Kontzientziaz, eskubide berdinak onartzen dizkiegu emakumeei eta gizonei. Horregatik, gero eta zailagoa zaigu gure eguneroko bizitzan dagoen androzentrismoa ikustea, gure izaeran barneratua duguna. "Normaltasuna" da arazoa. Erabat "normala" iruditzen zaigun zerbait zalantzan jartzen hastea bera zaila da. Horretarako, zentzu analitikoa behar da, eta distantzia hartu. Detaile sutiletan erreparatzea omen da gakoa. Zeure burua da zalantzan jartzen duzuna, ordea, eta prozesu horiek beldurra sortzen dute.
Neska-mutilak elkartzea ez da hezkidetza Eskola mistoa 60ko hamarkadan sortu zen Hego Euskal Herrian. Neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten ordura arte. Eskola mistoa sortzerakoan, ordea, ez zuten planteatu ere egin zer ekar zezakeen neskak eta mutilak espazio fisiko berean elkartzeak, hain justu gizartea sexista denean, eta gizontasuna emakumetasunaren gainetik dagoenean eguneroko bizitzan. Honela dio Maria Jose Urruzola hezkidetza aholkulariak "La educación de las niñas desde el feminismo de la diferencia" artikuluan: "Ez zen gizonezko generoaren eta emakumezko generoaren kritikarik egin. Ez zen nesken aldeko diskriminazio politikarik aurreikusi. Ez zen argitu pertsona bezala zer balioetan heziko ziren. Ez zen aztertu irakasgaietan transmititzen zen androzentrismoa; esaterako, historian, filosofian, zientziatan... Eta ez zen kontuan hartu emakumeei egozten zaizkien rolei balio gutxiago ematen zaiela gizartean, gizonen rolei baino".Eskolak lan munduan integratzeko prestatzen ditu ikasleak, alegia, alor publikorako, gizonezkoen mundua izan den alor horretarako. Emakumeen generoari lotutako gaitasunak bigarren mailan geratu dira. Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduradunak azaltzen duenez: "eskolak bizitzarako baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai gizonezko generoari atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea".Hezkidetza zehar lerro bihurtu zen 90ko hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena (ikasgai guztiak genero ikuspegitik birplanteatzea eskatzen baitzuen), praktikan "inoren ardura ez izatea" bihurtu da. Denek onartzen duten kontsigna bat gehiago da hezkidetza, baina praktikan inork heltzen ez diona.
ARTIKULU OSOA IRAKURTZEKO ikus HIK HASI aldizkaria
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...