2009-05-30

«Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik»-BEATRIZ PRECIADO


«Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik»
BEATRIZ PRECIADO

Onintza Irureta

Lierni Arrieta/Amaia Alvarez Uria


                           ITURRIA: ARGIA

Iraindua sentitu zen; marimutilatortillera, deitu zioten. Sexualitateaz, generoaz, gorputzaz mila galdera zituela New Yorkera abiatu zen. Han queer mugimenduaren erdi-erdian egokitu zen. Orain, Parisen, galdera berberen erantzunak aztarrikatzen segitzen du unibertsitateko irakasle eta ikasleekin batera..

Duela gutxi hautsak harrotu ditu Thomas Beatie “gizon haurduna”ren egunkariko albisteak. Zergatik aztoratu da jendea?

[Prentsako orria eskura eman diogunean irribarre zabal-zabala atera zaio].
San Franciscoko lagun batek bere adiskide baten argazkiak bidali zizkidan, haurdun zegoen eta gero haurra izan zuen. Argazkia Testo Yonqui liburuan sartzea pentsatu nuen, baina Beatieren argazkiarekin jendeak nola erreakzionatu zuen ikusita ez sartzea erabaki nuen. Jendeak liburura joko zuen argazkia baino ez ikusteko, morbo erraza eragingo zuen.

Bada jendea uste duena gizon bakarra dagoela haurdun, alegia transexuala bakarra haurdun, baina San Franciscon adibidez, aita haurdunen komunitatea dago.

Beatieren gaiari helduta, oinarrizkoena azaldu beharko nuke gertaera hori ezagutzen ez dutenentzat. Beatie, beste transexual asko bezala, transexual hormonatua da, baina obulutegiak mantendu ditu. Hormonak hartzeari uzten badio hilekoak izan ditzake eta umetokia erabil dezake haurdunaldirako.

Beatiek, beste transexual askok bezala, adierazten duena da ez diogula gorputzari begiratu behar jarraipen zorrotza duen sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko bloke moduan. Beatieren gorputza ez da ez maskulinoa ez femeninoa, potentzialitate ugari duen gorputza baizik, norbanakoarena bezalaxe. Zentzugabea da pentsatzea testosterona maskulinoa dela eta estrogenoa femeninoa, edo umetokia femeninoa. Umetokia hainbat gorputzetan dagoen organoa da eta orain arte kulturalki gorputz horiek femeninotzat hartu dira. Ezerk ez digu esaten umetokia berez eta historikoki femeninoa eta femeninoa baino ez denik. Beatieren haurdunaldia feminitatetik eta maskulinitatetik harago doa, amatasunetik eta aitatasunetik harago. Testo Yonqui liburuan teknoaitatasuna eta teknoamatasuna aipatu ditut. Hau da, baldintza teknologikoak daude tartean eta ez biologikoak soilik. Beatieren kasuan teknologia hori oso agerikoa da, baina haurdunaldi askotan dago. Esate baterako, intseminazio artifiziala ez zen asmatu transexualentzako, ezta homosexualentzako ere, nahiz eta askok hala uste. Pildora bezalaxe asmatu zen; familia zuri, heterosexual eta klase ertainekoentzat ugalketarekin lotutako ikerketak egiten ari zirela. Beraz, ugalketa sexualarekin zerikusia duten prozesu teknologiko horiek, zeinak sexua, generoa eta sexualitatea banatzen dituzten, gorputz guztietan ageri dira, ez anormaltzat eta duintasunik gabekotzat hartzen ditugun gorputzetan soilik. Nire babesa eta esker ona luzatu nahi diet halako eraldaketa eta berrasmatze prozesuetan ari diren transexualei.

Prozesu teknologikoa diozunean zer adierazi nahi duzu?

Sinetsi dugu gorputza eta sexualitatea naturalak, berezkoak direla, hala erakutsi digu tradizio historikoak. Identitate sexualaren, gorputzaren eta sexualitatearen nukleo gogorra irudikatzen da. Nukleo hori kultura eta eraldaketa teknologiko guztietatik banandua legoke.

1970eko eta 1980ko hamarkadetatik aurrera, feminismoaren alorreko hainbat pentsalari hasi ziren ikertzen diskurtso zientifikoetan ageri ziren metaforak (generozkoak, arrazazkoak eta kolonialak). Hori batetik, eta bestetik Michel Foucault historialari eta filosofoaren eskutik, adibidez, teoria deseraikitzaileagoak agertu ziren. “Sexuaren egia” ekoizten duten prozesuak aztertu zituzten: gorputzak normalizatzen dituzten, maskulinitatea eta feminitatea kontzeptuak asmatzen dituzten, homosexualitatea eta heterosexualitatea asmatzen dituzten prozesuak ikertu zituzten.

Esate baterako, heterosexualitatea/homosexualitatea kontzeptuak XIX. mendearen bukaeran asmatu zituzten sexualitatea kontrolatzeko eta normalizatzeko, –horrek ez du esan nahi ordura arte sexu praktika aniztasunik ez zegoenik; bazegoen noski–.
70eko eta 80ko hamarkadetako analisi garrantzitsuenetakoa eta zeharo berria da –gero queer teoriak muturreraino eramango duena– jabetzea sexualitatea eta subjektu sexualak formazio historikoen eta irudikapen politikoen ondorio direla. Beraz, ez dago entitate naturalik, ez dago naturan homosexualitaterik eta heterosexualitaterik, ezta feminitaterik eta maskulinitaterik ere. Orain naturaltzat ditugun subjektibitate horiek prozesu politiko eta teknologikoek eragindakoak dira.

Teknologiaz galdetu didazu lehen. Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak aztertu ditut. Teknologia horiek eta XIX. mendekoak oso desberdinak dira. XIX.ekoak kanpotik diziplina ezartzen zuten gailuak ziren: kartzela, eskola, ospitale psikiatrikoa, tortura, zigor metodoak... Arkitektura multzo horrek norbanakoa babesten zuen eta hainbat subjektibitate sortu: histerikoa, eroa, ume masturbatzailea, etxekoandrea... Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak molekularrak dira, bizidunaren egituran infiltratzen dira, gorputzarekin nahasten dira.

Pildora da, zalantzarik gabe, sexuak eta generoak ulertzeko dugun eredua modu erradikalenean aldatu duena.


OSOA IRAKURTZEKO

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...