2009-09-04

Bereizkeriarik gabeko tratamendua: sexismoa-Zentik

  • Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahalegintzea beharrezkoa da.
  • Emakumeek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dugu. Bai elkarrizketatuei eginiko galderetan, bai albisteari emaniko tratamenduan, kazetariak baztertu egingo ditu hala genero rolei loturiko galdera topikoak nola estereotipoak sendotzen dituzten klixeak.

gizonak

Esaterako: Kubaz mintzatzean, musika, paisaia eta neska ederrak datozkigu burura.

  • Informazio iturriak orekatzen saiatuko behar gara, gaia zeinahi dela. Emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute. Emakumeen presentzia handitzeko eginahalak egin behar ditugu, eta, alde horretatik, oreka zainduko du aditu eta iritzi emaileengana jotzeko orduan ere.
  • Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar dugu, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.
  • Genero indarkeria.
    a. Giza eskubideen urratzea da, pertsonen askatasunaren eta duintasunaren kontrakoa, eta hala tratatuko ditugu. Gizarte egiturak sorturiko arazoa izanik, ezin aurkeztuko da maitasun gehiegiaren edo erotasunaren ondorio gisa.
    b. Horrelako gertaerak deskribatzeko orduan, pertsonen duintasuna errespetatuko dugu, eta sentsazionalismoa baztertuko.
    c. Biktimen intimitate eskubidea zorrotz errespetatuko dugu, eta beti aintzat hartuko ditugu beren izen-abizenak jakinaraztea nahi duten edo ez.
  • Hizkera sexistarik ez dugu onartuko.
    a. Gizon hitza gizonezko adierazteko erabiliko dugu. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, jende edo gizaki idatziko dugu.
    Oro har mintzatzeko, -lari eta -ri atzizkiak erabiliko ditugu, eta ez -gizon: esaterako, legelari, eta ez legegizon. Orobat jokatuko dugu genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, iruindar erabiliko dugu, eta ez iruinseme.
    b. Tradiziorik gabeko hitzetan, -sa atzizkia ez dugu erabiliko: esaterako, aktore idatziko dugu, eta ez aktoresa*; dantzari, eta ez dantzarisa*.
    c. Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen. Esaterako, jakin behar du children, enfants edo hijos zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak. Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaio, seme-alabak idatziko du, eta txikiak badira, haur eta ume ere erabil ditzake. Modu berean jokatuko du euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: neska-mutikoak, errege-erreginak, maisu-maistrak, jaun-andreak, andre-gizonak, neba-arrebak
    d. Ez dugu erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.
    Esaterako: Angels Barcelo kazetari beltzarana.
    e. Familia loturen aipamen alferrikakorik ez dugu egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko dugu ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko ditugu pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.
    Esaterako: Putin eta bere emaztea atzo iritsi ziren Parisera.
    f. Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko ditugu beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko ditugu, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.
    Esaterako: Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Maialenen eta Maiaren lana izan zen biribilena.
    Ondo: Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Lujanbioren eta Maiaren lana izan zen biribilena.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...