2009-09-01

Indarkeria sexistari buruzko oker batzuk-Maitena Monroy BEA-AMB

ITURRIA: BERRIA

Maitena Monroy

Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea

...Azken urteotan, ikusi dugu agerian geratu dela harreman afektiboetan gertatzen den indarkeria sexista, baina horrek ekarri du indarkeria sexista zatika ikustea, bere osoan ikusi beharrean. Analisi oker larria da, eta, ondorioz, mito eta jarduera oker asko zabaldu dira, NBEren hitzetan esanda, «gizadian gehien zabalduriko krimen ezkutukoa» eragozteko eta borrokatzeko baliabideak lantzerakoan...

Ikus dezagun banaka zer galdera egin beharko genituzkeen:

Munduan ba al da indarkeria espezifiko bat emakumeen kontra, emakume izateagatik? Erantzuna, zoritxarrez, baiezko borobila da.

Nondik dator? Indarkeria horren sorburua, azken 30 eta gehiago urtean organizazio feministek salatu dugun bezala, sexismoa da, eta ez besterik; sexismoa indartu egiten da indarkeria erabilita, eta, era berean, sexismoarentzat irauteko tresna bat da indarkeria. Sexismoak jokabideak (generoa) zehazten segitzen du, eta boterea banatzen, sexuen arabera...

Ezin ahaztu dugu indarkeria zerbaitetarako tresna bat dela erabiltzen duenarentzat, baina, era berean, menperatu nahi den zernahi talde zapaltzeko baliabide ezin hobea dela, kasu horretan emakumeak zapaltzeko. Indarkeriari heltzeko orduan, kontuan izan behar dugu ez direla kasu bakanak, baizik eta egitura sexista baten barrenean daudela, egitura horrek zilegitasuna ematen diela eta, horregatik, delitu bakarra dela non biktima errudun sentitzen den eta erasotzailea bere delituaren ondorioen biktima sentitzen den, «azken batean egin behar zuena egin baitzuen, tratu txarrak ematen baditu, edo emakumeak probokatu baitzuen, sexu erasoa egin badu».

Matxista bortitzenek 70-90 emakume hiltzen dituzte urtean, baina indarkeriak baditu beste datu odoltsu batzuk Espainiako Estatuan; esaterako, bi milioi emakumeri baino gehiagori tratu txarrak ematen dizkiete (Emakumearen Institutua, 2005), eta zortzi bortxaketatik bat bakarra salatzen da, guztira 20.000 izaki (Urra, 2003). 2000. urtean, Europako Kontseiluak ohartarazi zuen indarkeria sexista dela 16-44 urte bitarteko emakume europarrak hiltzeko edo elbarri gelditzeko lehen eragilea. Indarkeria, zuzenean, emakume jakin batzuek sufritzen dute, baina, oro har, emakumeek beldurra diote indarkeriaren biktima izateari....



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...