2010-03-09

Hezkidetzaz: Hezkidetza IKTen eskutik: Blogeatu nahi?


ITURRIA: HIK HASI

GONZALEZ MENDIZABAL, Irene

Hezkidetza lantzeko tresna egokiak izan daitezke blogak eta beste tresna batzuen antzera, emakumeen eta teknologiaren artean dagoen tartea apurtzeko balio lezakete Irene Gonzalezek artikulu honetan dioenez. Emakumeen mundua isiltasunetik ateratzeko aukera ematen dute blogek eta neskak hitza hartzera bultzatzeko, horiek baliatzearen aldekoa da Gonzalez

Baina, zer dela eta, bloga eta hezkidetza?
Irakaskuntzaren edozein eremutan blogaren erabilera oso interesgarria izanda ere, hezkidetzaren munduan bereziki esanguratsua izan daiteke hurrengo arrazoiengatik:
1.- Lehenik eta behin, tresna bera, hau da, teknologia tresna izateagatik. Teknologia (tradizionalki gizonezkoen eremua) neskei hurbiltzea ezinbestekoa da sozializazio prozesuan ematen diren aldeak orekatu nahi baditugu. Emakume/neska eta teknologiaren artean dagoen tartea laburtu/apurtu behar dugu. Horretarako IKTak eta haien aplikazioak (blogak, adibidez) geletan aprobetxatzea eta nesken erabilera bultzatzea garrantzitsua deritzot. Ildo horretatik oso adierazgarria den “Desxifrant el codi lela” Donestech-en dokumentala ikustea gomendatzen dizuet (http://www.donestech.net/ca/ el_documental_de_donestech_dexifrant_el_codi_lela_ja_esta_disponible_en_4_llengues).
2.- Ondoren, tresnak ematen dituen aukerengatik:
- Alde batetik, blogak (2.0 webeko tresna guztiak), interneten nahi dugun edukia eskegitzeko askatasuna ematen digu. Askotan esaten dugu emakumeen mundua isilpean dagoela, espazio publikoan ikusezina dela. Blogak egoera hori aldatzeko aukera ematen digu. Hitza gurea da. Erabil dezagun eta bultza ditzagun neskak hitza hartzera.
- Bestetik, elkarreraginerako daukan gaitasunak sareak osatzeko aukera paregabea ematen du; sarea ehotzeko tresna zoragarria da. Hezkidetzan lanean ari garenok -sarritan sakabanatuta eta batzutan bakardadean- erraz eta modu bizian kontaktuan jartzen gaitu blogak. Blogosferan, edonorekin, hemengoekin zein munduaren beste aldekoekin, jar gaitezke harremanetan.
3.- Eta azkenik, aurrekoen ondorioz, bideratzen dituen edukiengatik. Gaur egun, blogosferari esker, hezkidetzako hainbat material didaktiko, proposamen, orientabide… eskura ditzakegu. Hezkidetzari leiho bat zabaltzen diogu mundu berri horretan. Gure esku dago.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Zubiak Eraikitzen Hezkidetza Taldea osatzen dugun aholkulari eta irakasleok teknologia berrietara hurbiltzeko asmoz, IKTen erabilera bultzatzen hasi ginen. Hasieran web orri bat eta webquest batzuk egin genituen Martxoaren 8a ospatzeko, eta, handik gutxira, blogosferan buru-belarri murgildu ginen hezkidetzan aritzen garenon arteko sare ederra lortzeko asmoz.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...