2010-07-12

TEORIA FEMINISTAK GIZARTE ZIENTZIEN ARLOARI EGINIKO EKARPENAK

Mendebaldeko gizarteetan emakumeen aldeko mugimenduak sortu zirenean, batez ere emakumeen sufragioa lortzeko borrokarekin lotzen ziren. Mugimendu haiek doktrina liberalen esparruan sortu ziren, hiritar guztiei, sexu bereizkeriarik gabe, eskubide politiko berberak ematea aldarrikatzen zutenen artean, alegia.
XX. mendearen hasierako hamarraldietan izan zen gorakada feministaren ondoren, emakumeak askatzeko mugimenduak gainbehera egin zuen, berrogeigarren hamarralditik hirurogeigarrenera bitarteko urteetan. II. Mundu Gerraren ostean, ideologia kontserbadorea zuen gizartea azaldu eta nagusitu egin zen; horrek emakumeen ikuspegi tradizionala berretsi zuen: emakumeak emazte, ama eta etxekoandre gisa ikustea, alegia.
60. hamarralditik aurrera, kultura ez-konformistaren loraldiarekin eta gizarte jarrera permisiboagoekin batera, mugimendu feministak berriro ekin zion bere jarduerari eta hainbat frontetan aritu zen, gogoeta politikotik sexu askapenera.
Gaur egungo feminismoa proiektu pluralista eta anitza da; bizi- eta ideologia-jarrera desberdinek osatzen dute, eta horiek feminismoaren hainbat korronte gauzatzen dituzte: erreformista, erradikala, iraultzailea, sozialista, marxista, berdintasunaren aldekoa, desberdintasunaren aldekoa, ekofeminismoa…
Hasiera batean, mugimendu antolatuek zituzten kezka nagusiak ziren gizarte jardueran ematen zen emakumeen bazterkeriaren aurka borrokatzea eta haien mendekotasunari eutsi dioten mekanismoak identifikatzea. Feminismoa, ordea, zientziari eginiko ekarpen handia ere bada. Feminismoak arlo horretan duen helburua da erronka egitea gizarte zientzietako teorien izaerari eta eraikuntzari.
Azken hamarraldietan, genero kontzeptua indarka sartu da gizarte zientzien arloan. Egun termino horrek zehatz ukitzen dio emakumetasunaren eta gizonezkotasunaren eraikuntza soziokulturalari. Generoa gizarte orok sexu anatomikoari buruz egiten duen kultura eraikuntza da; hein batean bada ere, horrek, kasuan kasuko garaiak eta kulturak kontuan izanda, pertsonaren zoria, haren rol nagusiak, haren statusa eta izango duen sexudun nortasuna zehaztuko ditu.
Genero terminoa soilik erabil daiteke deskribapenak emateko, hau da, kultura batean sexudun formak daudela egiaztatzeko. Hala ere, kritika feminista bultzatzen duten etikak eta filosofia politikoak hainbat itxura har ditzakete, botere harremanen analisia derrigorrez barne hartu behar badute ere.
Genero terminoak sexuen harreman dialektikoari ere ukitzen dio eta, beraz, ez dagokio bakarrik emakumeen eta arlo femeninoaren ikerketari, baizik eta gizonezkoak eta emakumezkoak beren harreman sexualetan ikertzeari ere...

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...