2012-07-30

Autoreak plazara: Judith Butler (I eta II)

ITURRIA: elearazi

Orain arteko poesia eta ipuinetatik saiakerara eginen dugu jauzi, autoreak ezagutarazteko plaza honetan. Horretarako, pentsamendu garaikidean eragin handia izan duten obren autorea dakargu, Judith Butler filosofo postestrukturalista amerikarra. Orain arte argitaratu dituen ikerketek eremu zabala hartzen dute, hala nola, literatur teoria, fikzio filosofiko modernoa, feminismoa eta sexualitatea, generoa eta identitatearen iraultza. Dagoeneko 90eko urteetan, ezbaian jarri zuen sexua zerbait naturala dela eta generoa jendartean eraikitzen den zerbait dela zioen ideia. Sexuari eta generoari barneko esentzia erauzi eta “emakume” edo “emakumeak” kategoria ezegonkortu zituen eta teoria feministek beren oinarriak birformulatzea eragin zuen; horrela, bada, “emakumeak” subjektu kolektibotzat beharrean, adierazle politikotzat hartu behar zirela aldarrikatu zuen. Queer mugimenduaren zutabetzat hartzen dira bere testu zenbait; izan ere, genero arauak subjektibitatea ekoizten duten gailuak direla dioen ideia oinarri teorikotzat eta tresnatzat baliatu zuten zenbait kolektibok, zeinak gutxiengo sexualtzat hartzen baitziren eta zeinak  generoaren arau bitarraren ondorioz baztertuta baitzeuden.
Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity liburua 1990ean kaleratu zen lehen aldiz. Kritika zorrotza egiten die Simone de Beauvoir, Julia Kristeva, Sigmund Freud, Jacques Lacan, Luce Irigaray, Monique Wittig, Jacques Derrida eta Michel Foucault autoreen lanei. Testuan azaltzen duenez, generoaren, sexuaren eta sexualitatearen adierazpena ez da aukerazkoa, eta subjektu generodun, sexudun eta desiratuaren eraikuntza “diskurtso arautzaile” deitzen duenaren barruan jartzen du. Diskurtso horiek, “ulergarritasun markoak” edo “diziplinazko erregimen” ere deituak, aurretik erabakitzen dute zer sexu, genero eta sexualitate aukerek duten baimena koherente edo “natural” gisara agertzeko. Halaber, Butlerek generoaren teoria performatibo famatua garatu zuen, subjektuaren identitatea nola eratzen den azaltzen duena; izan ere, genero identitatea ez da barne esentzia baten adierazpena, baizik eta ekintza eta jarreren ondorio, hots, performatibitatearen ondorio. Labur, liburu honekin autorearen asmoa da genero identitatearen izaera esentziala deseraikitzea eta asmakuntza hutsa dela agerian uztea...

Judith Butler (I) sarrera irakurri


Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...