2012-08-28

Berezitasunak, bereizketa bihurtuta

ITURRIA: BERRIA


Gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza. Ondorioz, zientziak ikusezin egin du emakumeen osasuna, ez baititu ikertu haien sintomak, arrisku faktoreak eta eritasunen bilakaera.
MAITE ASENSIO LOZANO

Kardiopatiei buruz 1980ko hamarkadan egindako lan zientifikoan, artikulu bakarrak aipatzen zituen emakumeak gaitz kardiobaskularrekin lotuta. Hartara, zientzialariak eta osagileak ez ziren konturatu bihotzekoaren sintomak desberdinak zirela gizonezkoetan eta andrazkoetan; ezkerreko besoko minaren ordez, goragalea izan ohi dute emakumeek, sabelaren goialdetik masailezurrera igotzen den minarekin. Bernardine Healy Amerikako Estatu Batuetako kardiologoa izan zen lehena salaketa egiten, 1991n; zientzia gisa barneratutakoa sineskerietan oinarritzen zela azaleratu zuen. Andreak euren hormonek babestuta zeudela uste zuten sendagileek, hau da, estrogenoen ondorioz ezin zutela bihotzekorik izan; funtsik gabekoa ez ezik, okerra ere bazen ustea, gero frogatu baitzen estrogenoak tronbogenikoak direla.

Bihotzeko gaitzen ikerketan antzemandako hutsune horiek agerian uzten dute zientziak eta medikuntzak ez dituztela parekidetasunez tratatzen emakumeak. Andrazkoen berezitasun biologikoak diskriminaziorako tresna bihurtu dituzte. «Medikuntza ez dago berezitasunok artatzeko prestatuta. Morbilitate diferentzialerako zientzia garatu behar da», azaldu du Carme Valls-Llobetek, Kataluniako CAPS osasuna ikertzeko taldeko mediku eta endokrinologoak. 2009an Mujeres, salud ypoder liburuan (Emakumeak, osasuna eta boterea) garatu zuen bere tesia: «Ikertu behar dutenen burua lainotzen dute botere harremanek. Andreekiko aurreiritziak daude medikuntzan, gainerako zientzietan bezala: ikusezinak gara, gertatzen zaigunak garrantzi txikiagoa du, eta, era berean, gure gorputzak kontrolatu nahi dituzte, botikez isilarazi, erabakirik har ez dezagun».

Funtsean, medikuntzaren eta osasunaren inguruko zientzia androzentrikoa da. «Medikuntzak gizonetan aztertu ditu osasuna eta gaixotasunak», laburbildu du Charo Quintana ginekologoak, Eusko Jaurlaritzak 2007an aurkeztutako Emakumeak eta osasuna programaren arduradunak; «Andreek hilekoa dutela eta haurdun gera daitezkeela argudiatuta, patologia handiei buruzko entsegu klinikoetatik baztertu dituzte luzaroan». Berriki bihurtu da derrigorrezko andrazkoak entseguotan txertatzea, «baina oraindik emakume proportzio txikiak jotzen dira egokitzat».



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...